Udaleko VII. Euskara Plana (2023-2027) onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak

2024 / 05

Euskararen erabilera normalizatzeko VII. Euskara Plana (2023-2027) eta Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak onartu berri ditu Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak. 

Planaren helburu nagusia da hala nahi duten herritarrei arreta eta zerbitzua euskaraz emango zaiela bermatzea, eta, gainera, euskara ohiko hizkuntza izatea ahalbidetzea, bai Udalaren barne-funtzionamenduan, bai beste administrazio batzuekiko harremanetan.

Eneko Goia alkateak prentsaurrekoan nabarmendu duenez, erabilera da 2023-2027 epealdiko Udal barruko erabilera-planak duen helburu azpimarragarria: “Euskara, administrazioan eta egunerokoan, erabilia izango den hizkuntza izatea nahi dugu”. 

Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak Udalaren Euskara Plana garatzeko ezinbesteko gidari eta tresna dira, hizkuntza arau batzuk finkatzen baitituzte Udalaren jarduera esparru guztietan (kanpo zein barne komunikazioetan, hizkuntza paisaian, administrazio kontratuetan...) euskararen erabilera normalizatzeko.

Gehiago irakurri

Bueltan da Parketarrak, hiriko jolasguneetan euskaraz aritzeko egitasmoa

2024 / 05

Martxoko lehen txandaren ondoren, bueltan da berriro ere Parketarrak, haurrek euskaraz jolas dezaten hiriko parke eta jolaslekuetan antolatzen den egitasmoa.

Parketarrak maiatzaren 6tik 24ra izango da Donostiako 20 auzotako 23 jolasgunetan: Aieten; Altza Herreran eta Altza Casaresen; Antiguako Zubimusu parkean eta Mikel Laboa plazan; Añorgan; Amara Berriko Olaetan eta Rafael Ruiz Balerdi parkean (Karmelo ikastetxearen atzean); Amara Zaharreko Araba parkean; Egiako Martin Santos eta Atotxa Zelaia plazetan; Erdialdeko Arroka plazan; Groseko Katalunia eta Nafarroa Behera plazetan; Ibaetan; Igeldon; Loiolako Erriberan; Intxaurrondon; Martutenen; Morlansen; Parte Zaharreko Zuloaga plazan; Txomiñenean eta Zubietan.  

Gehiago irakurri

Menu bihurgailua

Ostatu eta jatetxeetako menuak eta kartak euskaratzeko tresna da menu bihurgailua.

Tresnaren ezaugarriak

Tresna hau ez da itzultzaile automatiko bat. Menu eta jaki aukera ugaria euskarara bihurtzen duen tresna besterik ez da, modu erraz eta berehalakoan.

Bihurgailu hau etengabe hobetzeko asmotan gara, bidali zure iradokizunak eta berehala erantzuten saiatuko gara.

Nolanahi ere, beti da gomendagarria tresnak proposatutakoa euskaraz dakien norbaitek berrikustea.

Menu Bihurgailua

Gehiago irakurri

Itzulpen eta zuzenketarako tresnak

Euskarazko testuak sortzerakoan edota itzulpenak zein zuzenketak egiterakoan sortzen diren zalantzak argitzeko tresnak daude hemen eskura. Lan arloko idatziak zuzenak izan daitezen zenbait aholku, ohar, eredu eta adibide eskaintzen dira bertan.

 

Gehiago irakurri